25 abril 2023
Campus San Sebastián
Maiatzaren 17an, 18an eta 19an Donostian egingo den IKERGAZTE kongresuan 200 ikertzailek parte hartuko dute elkar ezagutu eta euskarazko produkzio zientifikoa sustatzeko helburuarekin. 155 artikulu zientifiko aurkeztuko dira eta antolatzaileek ekitaldi arrakastatsua izango dela aurreikusten dute. Hiru egunetan zehar nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahai-inguruak, aurkezpenak eta ekintza ludikoak antolatu ditu UEUk. Prentsaurrekoan Aitor Bengoetxeak, UEUko zuzendariak; Olatz Arbelaitzek, kongresuko zuzendaria eta UEUkideak; Elixabete Perezek, Deustuko Unibertsitateko ordezkariak; Itziar Irigoienek, EHU/UPVko Gipuzkoako campuseko Ikerketa arduradunak eta Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak parte hartu zuten.
Aitor Bengoetxeak, UEUko Zuzendariak, UEUrentzat egitasmo honek duen garrantzia azpimarratu zuen: “50 urteko ibilbidean, UEUren helburu garrantzitsuenetako betidanik izan da euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikerlariak hain sakabanatuta egonda. Gaur egun ikertzaile euskaldunak inoiz baino gehiago dira, eta beraien arteko eta lanen ezagutza bideratzeko asmoz antolatu genuen 2015ean lehen aldiz IKERGAZTE kongresua Durangon, bigarren aldiz 2017an Iruñean, hirugarren aldiz 2019an Baionan eta duela bi urte Gasteizen. Edizio bakoitzean 200 ikertzailek parte hartu dute, eta argi geratu zen horrelako foro bat beharrezkoa zela. Ikertzaile gazteei erakusleiho bat ematea, elkar ezagutzea eta euskarazko produkzio zientifikoa areagotzea dira Ikergazteren helburuak, eta aurten ere, bosgarren edizio honetan ziur gaude helburuak beteko ditugula. Izan ere, dagoeneko gune erreferentziala bilakatu da ikertzaile euskaldunentzat, eta arrakasta horren atzean dago Euskal Herriko unibertsitate guztiekin eta erakunde desberdinekin egiten ari garen bide oparoa, #ElkarEkin”.
Deustuko Unibertsitateak lehen aldiz parte hartuko du Ikergazte ikertzaile euskaldunen biltzarreko batzorde zientifikoaren koordinazio-taldean. Elixabete Perezek parte hartu zuen agerraldian bertako ordezkari bezala: “Ikergaztek aukera ematen du, bistan da, ikertzaile gazteek beren ikerlanen berri emateko, baina horrekin batean, unibertsitateen topagunea ere bada, eta unibertsitateentzako akuilua ikerketa euskaraz ere bultzatzen jarrai dezaten. Euskararen normalizazioaren aldeko apustuan unibertsitateok ezin gara kanpoan geratu. Deustuko Unibertsitatean ere ahalegintzen ari gara horretan”.
Ikerketa proiektuak aurkezteko epea irailera arte zabalik egongo da, eta diziplina arteko egitasmoak izan beharko direla argitu zuten antolatzaileek. Ikertzaileek aurkeztu dituzten 170 lanetatik, epaimahai batek aukeratutako 155 artikulu zientifiko ere aurkeztuko dira ekitaldian, euskal ikertzaile gazteek egindakoak: 52 ahozko aurkezpen, 72 «mikroaurkezpen» eta 31 poster. Aurtengo berrikuntza nagusia izango da BadaLabekin elkarlanean martxan jarri duten proiektuen deialdia.