Laguntza eta Itzulpen Zerbitzua Deustuko Unibertsitateko Hizkuntza Zentroko atal bat da eta Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean kokatuta dago.
Unibertsitate eleaniztuna lortzen laguntzea da beraren helburua, zehatzago esanda, Deustuko Unibertsitatean euskararen erabilera normalizatzen eta ingelesaren erabilera garatzen laguntzea.
Horretarako, bi zerbitzu eskaintzen ditu aipatutako bi hizkuntza horietan: irakaskuntzarako eta ikerketarako laguntza zerbitzua (Laguntzagunea) eta itzulpen zerbitzua.
Batetik, laguntza zerbitzua 2000. urtean sortu zen Laguntzagunea izenaz, euskarazko irakaskuntzan gorengo kalitatea lortzen laguntzeko. Beraren egiteko nagusiak dira unibertsitatean euskaraz lantzen diren jakintza arloetako terminologia sortzen eta finkatzen laguntzea eta irakasmaterialak eta ikerketakoak zuzentzea eta euskaratzea.
Bestalde, Unibertsitatearen nazioartekotze prozesua dela eta, gero eta irakasle gehiagok ematen dituzte eskolak ingelesez eta hartzen dute parte nazioarteko foro akademikoetan eta, zeregin horretan laguntzeko xedez, hizkuntz laguntzako zerbitzua ingelesera ere zabaldu da; hortaz, zerbitzuak ingelesez diharduten irakasle-ikertzaileei laguntzen die, hizkuntz aholkua emanez eta irakasmaterialak eta ikerketakoak zuzenduz eta itzuliz.
Bestetik, itzulpen zerbitzuak unibertsitateko komunikazio, zabalkunde eta kudeaketa zereginak gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez egiten laguntzen du, zeregin horietan sortzen diren era guztietako dokumentuak itzuliz eta zuzenduz.