1. artikulua. Kooperatiba Zuzenbidearen Nazioarteko Elkartea eratzen da Zuzenbide pribatuko erakunde bezala, kooperatiben arloko legelariek euren artean harremanak izan ditzaten. Elkartearen egoitza Bilbon dago, Espainian, Deustuko Unibertsitatearen Zuzenbide Fakultatean.
2. artikulua. Zuzenbideko doktore, lizentziatu eta diplomatuek Elkartean parte har dezakete askatasunez, zuzenbide osoko bazkide legez, jarduteko gaitasunik badute, bakoitzaren Estatuko legeek pertsona fisikoentzat ezarritakoaren arabera.
3. artikulua. Elkartearen helburua da bazkideen artean ezagutzak komunikatzea, batik bat legeei, jurisprudentziari eta bibliografiari dagokienez. Idatzizko informazio eta dokumentazio zerbitzuekin batera, Elkarteak, aldizka, hitzaldi eta jardunaldi irekiak antolatuko ditu.
4. artikulua. Elkartearen organoak dira: Biltzar Orokorra, Idazkaritza Nagusi iraunkorra, eta ohorezko Lehendakaritza.
5. artikulua. Biltzar Orokorra Elkartearen organo gorena da. Biltzarrak bere egoitzan ohiko bilera egingo du egutegiko urteko lehen zazpi hilabeteetan, aurreko ekitaldiko txostena eta urteko kontuak onetsi ala ezesteko, eta ondorengo jardunak erabakitzeko. Ohiko bileraz gain, ezohiko biltzarrak edonoiz egin daitezke, edozein gai-zerrendarekin. Biltzarrerako deia Idazkaritzak egingo du beti, idatziz, bazkide bakoitzari, eta hogeita hamar egun aurretik gutxienez. Era berean, Biltzarrerako deia egin daiteke zerrendako bazkideen erdiek baino gehiagok hala eskatu badute. Bazkide bakoitzak boto bat du, baina botoa ordezkariaren bidez edota postaz bidali daiteke.
6. artikulua. Elkartearen lehendakariak osatuko du ohorezko Lehendakaritza. Biltzarrak lau urterik behin izendatuko du lehendakaria, edo epe laburragoan, heriotza, ezespen, dimisio edo uko egitearen kasuan. Lehendakariak Elkartea ordezkatuko du hirugarrenen aurrean, ohorezko edo protokolozko izaera hutsarekin.
7. artikulua. Idazkaritza Nagusia da Elkartea kudeatzeko organo iraunkorra. Idazkaritza Nagusia Idazkari Nagusi Teknikoak eta Idazkari Nagusi Zientifikoak osatzen dute. Biltzar Orokorrak bestela ezarri ezean, Idazkari Nagusi Teknikoa Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasle titularra izango da, eta Idazkari Nagusi Zientifikoa Fakultate bereko katedraduna.
8. artikulua. Elkartearen sarrerak izango dira bazkideen urteko kuotak, Biltzarrak onetsitakoari jarraituz, baita Elkarteak pertsona fisiko edo juridikoengandik, publiko nahiz pribatuengandik jaso ditzakeen diru-laguntzak edo bestelako laguntzak ere.
9. artikulua. Deustuko Unibertsitatearen Zuzenbide Fakultateak Elkartearen kontabilitatea eramango du, partida lokabeak erabilita. Bazkideek, Biltzarretan edo Biltzarretatik kanpo ere, azalpenak eska ditzakete edonoiz eta edozein partida nahiz auturen gainean.
10. artikulua. Estatutu hauen interpretazioa eta azalpena Biltzarrari dagozkio, eta horrelakorik egon ezean Lehendakaritzari; azken horrek, gainera, gatazkak ebazteko ahalmenak izango ditu.