Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de Cookies.

Aceptar
07 diciembre 2017Bilbao

Euskal Hedabideen Behategira batu da Udako Euskal Unibertsitatea eta 2017ko Urtekaria aurkeztu da

Euskal Hedabideen Behategiak 2017ko Urtekaria aurkeztu du gaur, Durangoko Azokan, amaitzen ari den urtean komunikazioaren inguruan gertatutako aldaketen kronika eta begirada sakona. Aurkezpenaren aurretik, kide berri bat batu zaio Behategiari: Udako Euskal Unibertsitatea (UEU). UPV/EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak osatu dute, gaur arte, Behategia, Hekimen elkartearekin batera.

Ekitaldian lau unibertsitateetako errektoreak eta arduradunak izan dira: Nekane Balluerka (UPV/EHU), Jose Maria Guibert (Deustuko Unibertsitatea), Vicente Atxa (MU) eta Iñaki Alegria (UEU); baita Behategiko koordinatzailea eta Hekimen Elkarteko zuzendaria ere, Libe Mimenza eta Alberto Barandiaran. Halaber, hedabideetako ordezkariak eta unibertsitateetako ikerlariak. Udako Euskal Unibertsitateak Behategiarekin bat eginda, ikerguneak bultzada berria jaso du euskal hedabideen jarduna aztertu eta ikerketa bultzatzen jarraitzeko. Hain zuzen ere 2018ko urtea giltzarri izango da sektorearentzat ikerketaren alorrean. Euskal hedabideen Datutegiaren bidez, Behategiak inoizko datu funtsik handiena jarri du ikerlarien esku, eta sektoreak etorkizunari begira egin nahi duen gogoetarako ezinbesteko tresna izango da hedabideentzat ez ezik, unibertsitateetako ikerlarientzat eta administrazioentzat ere.

2017an komunikazioaren alorrean gertatutako aldaketen kronikak abiatzen du Urtekaria, Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak egindako berrikuste periodistiko baten bidez. Kazetagintzak jasandako zentsura eta kontrol erasoak hizpide, mugarik gabe hazten ari diren Interneteko kazetaritza ereduak aztertu dira artikuluan. Komunikazio-espazioen eraketaz hausnartzeko bi artikulu dakar, halaber, Urtekariak. Alde batetik, Mondragon Unibertsitateko HEZIKOM ikerketa taldeko Eneko Bidegain Airek, Andres Gostin Elorzak eta Aitor Zuberogoitia Espillak «Ikus-entzunezko Kontseiluaren eragina komunikazio-espazioaren eraketan: begirada bat Kataluniari» lana sinatu dute. UPV/EHUko NOR ikerketa taldeko Josu Amezaga Albizuk, beste alde batetik, «Aurrera begira jarrita: komunikazio estrategia bat behar dugu» lana proposatu du, etxe barrura begira egin beharreko gogoetarako abiapuntua izateko proposamena.

Gaindegiako Imanol Esnaola Arbiza eta Asier Otxoa de Retanak «Tokiko hedabideen ingurumari sozioekonomikoa, egoera eta balizko bilakaera» artikulua sinatu dute, xehe- xehe deskribatuz komunitate gero eta komunikatuagoetara doan jendarte honetan tokiko komunikabideek dituzten erronkak. UPV/EHUko HGH ikerketa taldeko Amaia Alvarez Berastegi, Alazne Aiestaran Yarza, Beatriz Zabalondo Loidi, Antxoka Agirre Maiora eta Txema Ramirez de la Piscina Martinezek “Euskarazko eta katalanezko hedabideen joera berritzaileak» aztertu dituzte, Berria, Argia, Goiena, Ara, El Punt Avui eta Vilaweb oinarri hartuta.

Komunikazio eredu digitalean barrena, bi artikulu. Alde batetik, CodeSyntax enpresako Josu Azpillaga Labakak eta Mikel Lizarralde Asurmendik sinatutako «Hekimeneko webguneen trafikoaren analisia
Hekimen Analytics tresna oinarri», euskarazko komunikabideen Interneteko jardunaren nolakotasuna argitzeko: saio kopurua, saioen sakontasuna, trafiko iturriak, gailuen alderaketa, mugikorren indarra eta beste. Bestetik, “Euskarazko komunikabideak Facebook sare erraldoian» lanean, Behategiko koordinatzaile Libe Mimenzak euskarazko hedabideek sare sozial horretan dituzten ezaugarriak aletu ditu. Azkenik, EiTBko ikerketa saileko arduradun Rebeka Garai Basterretxeak eta UPV/EHUko NOR ikerketa taldeko kide Edorta Arana Arrietak elkarrekin idatzitako artikuluan telebista da protagonista. «Adinak eta euskarak telebista ikusteko ohituretan daukaten eragina» lanak egungo euskarazko audientziaren profila ezagutzeko ahalegina dakar, hain zuzen ere horixe baita lehen urratsa euskarazko emisioen audientzia zabalagoa eskuratzeko.

Urtekaria Durangoko Azokan bertan eskura daiteke, euskal hedabideen erakusmahaietan, eta baita Behategia.eus atarian ere.